Albisteak
Badu aste batzuk jada, krisi sanitario handia bizitzen ari garela Euskal Herrian zein mundu osoan zehar. Ohikoa ez den errealitate bat pairatzera behartuak izan gira: kalera ateratzeko debekua, ikastetxeak itxiak, enpresa batzuen itxiera, etxeetatik lan egitera behartuak... Momentu honetan bizitzen ari garen egoerak, gure egunerokotasuna hankaz gora ezarri du.
Krisi sanitario honek kalte ainitz eragin badu ere, elkartasun keinuak biderkatzen joan dira eta horren islada dira, egunez egun gure etxeko balkoietatik lau haizetara hedatzen ari diren elkartasun ekimenak. Etxeetako balkoi eta leihoak elkartasun eta aldarrikapen gune bilakatu dira ezinbestean: osasun arloko langileen txalotzeko, indar okupatzaileen salatzeko, beste jendarte baten aldarrikatzeko, euskal presoei elkartasuna adierazteko...
Birusak ez du eteten Euskal Herrian borrokarako griña.
Eta nola ez aipa, osasun arloan lanean ari diren langileen inplikazioa. Lerro hauen bitartez, egunez egun eramaten ari diren lana txalotu nahi dugu. Gure sustengu osoa adierazi nahi diegu ere, oraindik lanean ari diren beste langile guziei: laborariak, zabor biltzaileak, garraiolariak, okinak, supermerkatuko langileak eta beste… Gehienetan emazteak diren horiek lan baldintza prekarioak jasaten dituzte eta soldata murritzak hunkitzen. Txalo eta eskerrak aparte, ez ditugu ahantzi beharko krisia amaituko delarik.
Halaber, euskal preso politikoen egoeraz ere aipamen berezi bat egin nahi dugu. Espainiar eta frantses Estatuen eskuetan euskal presoak bahitu politikoak dira. Haien sufrimenduzko gatibua luzatuz, mendeku politika mantentzen dute, Euskal Herrian garatu daiteken burujabetza prozesuaren baldintzatzeko helburuz. Konfinamendu egoera honetan, haien zigorra biderkatu egiten delako haien kartzelaldia are onartezinagoa iduritzen zaigu. Inoiz baino gehiago, haien Euskal Herriratzea, gaixorik diren presoak eta adina daukaten presoen askatzea urjentziazko neurriak bilakatu dira. Aberri Egun honen bezperetan, gure sustengu eta elkartasun mezu beroena helarazi nahi diegu euskal preso politiko guziei eta haien senidei.
Guzti honen erdian eta hemendik egun gutxitara datorkigu aurtengo Aberri Eguna. Aberri Eguna, ospakizun eguna da. Kalera ateratzeko eta elkartzeko debekuek molde berezian ospatzerat behartzen gaituen arren, badugu zer erran. Neoliberalismoaren aurpegi gogorrena eta Estatuen inboluzioa ikusten ari garen honetan, burujabetzaren aldeko konpromisoa hartu behar dugu. Beti ere, eta esan ohi dugun bezala, langile eta, oro har, herritarren bizi baldintza duinak bermatu ahal izateko, gizarte eredu justua eraikitzearen bidean.
Globalizazioa eta neoliberalismoaren ondorioei aurre egiteko tresna dugu esku artean: Burujabetza. Horrek bermatuko digu herri gisa bizirik segitzea eta aldi berean, gizarte justuago bat eraikitzeko baliabideak eskuratzea.
Krisi momentuan bada ere, Euskal Herriak duen indarra erakutsi behar dugu igande honetan. Zentzu horretan, EUSKAL HERRIA BATERAk egindako deialdira batzen gara eta deialdi berezi bat luzatzen dugu euskal jendarteari igandeko ekimenean parte hartzeko.
EUSKAL HERRIA BATERA ikurra osatzera deitzen zaituztegu, bakoitzak bere desioa argazki batean islatuz eta sarera igoz, mosaiko digital erraldoi bat marrazteko moduan.
Euskal Herria, modu batean ala bestean, bizitzen duen herritar oro egun horren ospatzerat gonbidatzen dugu.
EH Bilduk bat egiten du presoen eskubideen urraketekin amaitzea exijitzeko hurrengo larunbaterako Sarek Bilbon eta Baionan deitutako manifestazioekin. Ezkerreko indar subiranistaren ordezkaritza zabala izango da urteko Bilboko kaleak betetzen dituen mobilizazioan; besteak beste, bertan izango dira Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia, Maddalen Iriarte Gasteizko parlamentuko bozeramailea, Bakartxo Ruiz Nafarroako parlamentuko bozeramailea eta Mertxe Aizpurua Kongresuko bozeramailea.
Euskal presoek jasaten dituzten giza eskubideen urraketekin behingoz amaitzeko eta beraien etxeratzearen auziaren konponbiderako unea dela uste du EH Bilduk. Zentzu horretan, sakabanaketa politikarekin eta mendekuan oinarritutako espetxe politikarekin amaitu beharra dagoela uste ezkerreko indar subiranistak. Era horretara, indarrean dagoen legedia ezartzeko eta eszepziozko neurri guztiekin amaitzeko garaia dela uste du. 2020. urtean, oraindik ere gaixotasun larriak dituzten presoak egotea, zigorraren hiru laurdenak dituzten presoak espetxeratuta izatea eta senitartekoei ehunka kilometro egitera behartzea zentzugabekeria dela azpimarratu du.
Madrilen eratu den gobernu berriarekin Espainiako Estatuan aukera-leiho bat irekitzen dela uste du EH Bilduk, presoen auziari konponbide emateko ere bai. Dena dela, jakitun gara Madrilek presoen auziari heltzeko eta konponbidea emateko bultzada behar dela Euskal Herritik. Gizarte eta herri aktibaziorako garaia da. Horrenbestez, presoen auzia behingoz konpontzeko Madrilen irekitzen den aukera-leihoa indartzeko Bilboko kaleak betetzeko deia egiten die euskal herritarrei ezkerreko indar subiranistak. Era berean, euskal presoen gaia konpontzeko erantzukizunez jokatzeko deia egiten dio EH Bilduk Frantziako Gobernuari.
Giza eskubideen urraketa lazgarria salatu du EH Bilduk; izan ere, milaka pertsona errefuxiatu daude Greziako eta Turkiako mugen artean harrapatuta.
Azken hilabeteetan, Greziako gobernuak asiloari buruzko legeak zorroztu ditu, azken orduetan pertsona errefuxiatuei asilorako eskubidea sistematikoki ukatzeko astungarriarekin, horrela Hungariarekin bat eginez, Genevako Konbentzioa bezalako giza eskubideen nazioarteko arauen urraketan.
Egoera okertu egiten da orduak igaro ahala, poliziaren esku-hartzeekin. Gainera, erakunde faxistek modu bortitzean eragozten dute errefuxiatuen joan-etorria, eta, era berean, GGKEei eta proiektu solidarioei, hala nola Zaporeak, beren lana egitea eragozten diete.
Pernando Barrena, beste eurodiputatu batzuekin batera, Europako Batzordeari eta Europako Kontseiluari zuzendu zaie egoera salatzeko eta nazioarteko legedia errespetatzeko eskatzeko, asilorako eskubidea defendatzeko, eta, beraz, errefuxiatuen aurkako erasoak geldiarazteko.
Madrilgo Kongresuan Espainiako presidentea izendatzeko inbestidura saioan EH Bilduko bost diputatuek abstentzio aktiboa ematea erabaki dute ezkerreko indar subiranistako oinarriek. Galdeketa egin du EH Bilduk bere oinarrien artean urtarrilaren 2an eta 3an inbestidura saioan hartu beharreko jarreraren inguruan erabakitzeko. Botoa eman dutenen %81,4k egin dute EH Bilduren zuzendaritzak egindako proposamenaren alde.
Datak txarrak izan arren eta galdeketa deitzeko eta parte hartzeko denbora tarte gutxi eman den arren, handia izan da parte hartzea. 5.441 lagunek parte hartu dute, modu telematikoan egindako galdeketan (inskribatutakoen %40,1). Modu horretara, erabaki garrantzitsuak bere oinarriekin partekatzeko eta barne demokrazian sakontzeko bidean, beste urrats esanguratsu bat eman du ezkerreko indar subiranistak.
EH Bilduren Mahai Politikoak proposatutako galderari erantzun behar izan diote oinarriek:
"Ados zaude EH Bilduk Espainiako Kongresuan dituen bost diputatuek abstentzio aktiboaren bidez Pedro Sanchez PSOEko hautagaiaren inbestidura ahalbidetzearekin, Espainiako Gobernuko presidente izan eta Unidas-Podemos alderdiarekin gobernua eratu dezan?".
Emaitzak hauek izan dira:
Bai: 4.406 boto (%81,4).
Ez: 756 boto (%13,9).
Zuri: 249 boto (%4,6).
Parte-hartzea: 5.441 boto (%40,1).
Martxoaren 8a egun oso berezia da dudarik gabe, azken bi urteetako greba feminista arrakastatsuen ondoren, aurtengoan ere indar erakustaldi ederra egin du Euskal Herriko mugimendu feministak. Euskal hiri eta herrietako kaleak kolore morez eta aldarrikapen feminista ezberdinez bete dira eta Amasa-Villabona ez da salbuespena izan. Eguerdian Ziurkil eta Villabona batzen dituzten zubiak lotu genituen emakumeon giza kate jendetsuan eta arratsaldez Erreboteko plazan mosaiko dotore bat eta jai-giro bikaina sortu zuen kontzertua izan genituen. Aldarrikapena, giro ona eta jaia uztartu ziren gurean. Poza ematen du horrenbete emakume ikusteak zapi moreekin kalean tinko.
EH Bilduren izenean Aiztondoko mugimendu feminista eta bereziki gure herriko Lurgatz talde feminista zoriondu eta eskertu nahi ditugu egindako lanagatik era erakutsitako indar eta determinazioagatik. Konbentzituta gaude atzo bezalako egunetan kaleetatik, behetik gora datorren bultzada feministarekin, egiazko genero berdintasunera gerturatuko gaituzten neurriak hartzeko moduan izango garela, gu prest eta gogotsu gaude horretarako.
Zorionak mugimendu feminista!
ARGAZKI GALERIA:
Batzuk alkatetza galdu izana ez daramate ondo. Beraien lehen hilabeteak ikusi besterik ez dago.
Oraingoan Kale Nagusia arratsaldez (behingoz) oinezkoentzako gune seguruago eta atseginagoa izan dadin udalak hartutako neurriak baliatu nahi izan dituzte, kartel batzuk kalean itsatsiz oposizio arduragabe eta suntsitzailea garatzeko.
Lehenik aipatu behar dugu duela 10 urte baino gehiagotik indarren dagoen trafiko araudia ez dela ezertxo ere aldatu. Zer egin zuen 4 urtetan PNVk indarrean zegoen trafiko araudia betetzeko? Ezertxo ere ez. Errazagoa da arazoei aurre egin eta soluzioak plazaratu ordez beste alde batetara begiratzea, baina hori ez da gure estiloa, gu herriko arazoei irtenbideak bilatzeko gaude, baliagarriak izateko.
Eta bestetik, zaila da hain lerro gutxietan hainbeste gezur esatea:
Inposaketa aipatzen du behin eta berriz PNVk. Gogorarazi behar dugu EH Bilduren hauteskunde programan zera agertzen zela hitzez hitz: "Kale Nagusia arratsaldez oinezkoentzat soilik irekia egongo dela ziurtatzeko neurriak hartuko ditugu". Beraz, PNVrentzat hauteskunde promesak betetzea "inposaketa" litzateke. Benetan tamalgarria.
- "Urtero milaka euroko gastuarekin" dio PNVk. Honakoa gezur galanta da, eta badakite. Zuzenean Maite Izagirre PNVko zinegotziari azaldu zitzaion, sistema berri honek ez zuela inolako kosturik suposatuko. Zero euroko kostua izango duen neurria dela jakinik, zergatik diote gezurra?
- Herritarren eskaera guztiak baztertu izana ere aipatzen du PNVk. Ez dakigu informazio faltagatik den edo nahita egin duten, baina berriro ere gezurra diote. Epearen barruan udalean jasotako baimendu izateko 36 eskaeretatik, 19 onartu ziren eta 17 baztertu. Jarraitutako irizpidea argia izan da: Kale Nagusiko merkataritza edo ostalaritza jarduerarekin lotutako ibilgailuei eman zaie baimena. Esan behar da, bizilagunek ere arratsaldez Kale Nagusira sartzeko aukera izango dutela, beti ere arrazoi justifikatu bategatik eta udaltzaingoari berri emanda.
- "Udaltzaingoak informazio eskasa" omen du. Badirudi PNVkoak ez direla ezertaz enteratzen. Uneoro, hasiera hasieratik udaltzain buruarekin elkarlanean ezarri baita sistema berria.
- Udalak beste sistemak (pibote hidraulikoak eta barrera automatikoak aipatzen dituzte) ez omen ditu aztertu. Beste gezur borobil bat. Udaletik beste motatako sistemak zorrotz aztertu ziren baina orain ezarri dena eraginkorrena eta egokiena dela ondorioztatu zen.
- Bizilagunekin bildu ez izana leporatzen digute. Jakinarazi nahi dugu udala Kale Nagusiko merkatariekin eta ostalariekin bildu zela gabonen aurretik eta udaltzain buruak, alkateak eta alkate ordeak azalpenak eman zizkiela. Noiz bildu da PNV bizilagunekin? Adibidez Erreboteko plaza eraberritu zenean, bizilagunekin bildu al zen PNV? Beraiek sekula egiten ez dutena besteei leporatzea ez da bidezkoa.
- Bide segurtasuna (seguridad vial) aipatzen dute jeltzaleek beren orrian. Kontzeptu hori errepideetarako erabili ohi da, autoen zirkulaziorako. Ez al dira enteratu Kale Nagusia oinezkoen gune gisa ezarri zela aspalditik? Oinezkoen segurtasuna ez al da autoena baino garrantzitsuagoa? Aipamen honek gure herriko PNVren maila eskasa agerian uzten du.
Aipagarriak iruditzen zaizkigun bi kontu:
1- PNVk udaleko baliabideak erabili ditu (udaleko papera eta fotokopiagailuak) bere alderdi jarduerarako. Guztion diruarekin ordaintzen dena, norbere interesetarako erabili dute berriro. Udalari garestiagoa irten zaizkio PNVren kartel hauek, Kale Nagusiko kamera sistema ezartzea baino. Ez ote daukate fotokopiagailurik Batzokian?
2- EH Bilduri behin eta berriro, indarrean dagoen kartelen eta propagandaren araudia ez errespetatzea leporatu eta gero, PNVk kartelak pegatu ezin diren lekuan pegatzen ditu (Kaleko paretetan). Harrigarria. Beraiek ezarritako ordenantzak ere ez dituzte betetzen. Ez daitezela gero etorri, kaleak zikinak eta kartelez beteak daudela eta, ordenantza gogor betearaztea eskatuz.
Herritarren zerbitzura daudela esan eta kontrakoa egiten ari dira; udalean lan egiteko eta batzorde buru izateko aukera eskaini eta ezezkoa erantzun zuten, hasieratik elkarlanerako borondatea baino oposizio suntsitzailea egiteko asmoa agerian utziz. Hori bai, zinegotzi baten dedikazioa eskatzeaz gain (%60an onartu zaiena), matraka ederra eman dute beraien batzorde kide kopuruarekin, zinegotzien dieten igotze bat dakarren neurri bat (batzuen poltsikoen mesederako eta udalaren kalterako).
Eta aurrekontuekin gauza bera irudikatu da. Proposamen batzuk egin, gure aldetik batzuk onartzeko prestutasuna azaldu eta PNVk planteatutako bozketa moduak hauek onartzea ezinezkoa egin zuen. Betiko jarrera, kritika merkea egin ahal izatea, horren lekuko kritikatzeko idatzia alde aurretik prestatua ekarri zutela.
Eta zer esan Legarretako zubiaren inguruan egindakoarekin, joku zikinenaren eredu berriz ere. Zubiaren irekieraren berri emateko, Foru Aldundiko diputatua soilik PNVko zinegotziekin agertu zen komunikabideen aurrean, udalari ezertxo ere jakinarazi gabe. PNVk kontrolatzen dituen instituzio publikoak alderdiaren interesen mesedetara erabiltzeko modu benetan traketsa.
Baino esaten den moduan gezurrak hanka motz, eta EH Bilduri leporatu nahi izan dizkioten gezurrak, benetan norenak diren argi azaldu eta ikusiko dugu luze baino lehen, bai diru xahutzeaz, ezkutuan ibiltzeaz edo diru publikoaren erabilpen zalantzakorraz. Seguru gaude PNV-k badakiela zertaz ari garen, eta herritarrak jakingo dute ere denbora asko pasa baino lehen.
Guk bitartean, gure akatsak barne, herritarrekin batera lanean jarraituko dugu Amasa-Villabona duin eta justuago bat lortzeko helburuarekin, batzuen traba eta oztopoen gainetik.
Pasa den otsailaren 25an izandako Amasa-Villabonako udalbatzan EH Bilduk aurkeztutako adierazpena onartu zen aldeko 7 boto (EH Bildu) eta 6 abstentziorekin (PNV-PSOE), ondorioz udalak bat egingo du martxoaren 8aren testuinguruan Aiztondoko Mugimendu Feministak eta Amasa-Villabonako Lurgatz Talde Feministak antolatutako aldarrikapen deialdiekin. Honekin lotuta, herritarrei deialdi hauen berri emateko Bando bat kaleratzea erabaki du udal gobernu taldeak.
EH Bilduren ustez, garrantzitsua da erakunde publikoak herri mugimenduarekin elkarlanean aritzea eta protagonismoa jendeari (kasu honetan herriko emakumeei eta talde feministei) uztea. Gainera, adierazpen honen bidez, udalak garatu beharreko politika feministaren baitan esanguratsuak izango diren aurrera urratsak emateko konpromisoak hartu ditu udalak. EH Bilduren ustez, konpromiso zehatz eta sendoak hartzeko garaia da, hitz onez betetako adierazpen politak egiteak ez baitu ezertarako balio, ondoren berdintasun erreala lortzeko ezertxo ere egiten ez bada. Zentzu honetan, PNV-PSOE tandemaren jarrera salagarria iruditzen zaigu, adierazpen ponposoak egitetik ez direlako pasatzen eta udalak politika feminista aktbo eta eraginkorra martxan jartzeko urratsak ematen dituen bitartean, beraiek beste alde batera begiratzen baitute. Zergatik ez zuten EH Bilduren adierazpena babestu? zerekin ez daude ados? azalpen bat eman beharko lukete, baina ziurrenik, beraien estiloari segiz, ez dute txintik ere esango.
Hau da EH Bilduk aurkeztu eta udalbatzan onartutako ADIERAZPENA:
2020ko MARTXOAREN 8a
Urtetan mobilizazio ugariak egin eta bi greba feminista izan ondoren, kaleetako aldarria argia da, erabatekoa: gure gizarteak justizian eta demokrazian aurrera egin dezan, beharrezkoa da printzipio eta aldarrikapen feministak egitura eta politika instituzionaletan txertatzea. Beharrezkoa da eraldaketa erradikalak gauzatzea, erreprodukzio sozial jasangarria politika horien erdigunean jartzeko kapital-metaketa alde batera utzita, azken horrek gehiengo sozialen bizi-baldintzak prekarizatzen dituelako eta natura merkantilizatu eta esplotatzen duelako, etorkizuneko belaunaldien biziraupena arriskuan jartzeraino.
Beharrezkoa da, behingoz, emakume guztien indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea lehentasun politiko bat izatea. Beharrezkoa da instituzioek interpelazio hori gure gain hartzea, eta, gure ordezkaritzari erantzunez, herrialde honetako herritar guztiak (guzti-guztiak, salbuespenik gabe) hobeto bizi daitezen gure esku dagoen guztia egin dezagun. Ez digute eskatzen argazki gehiago egitea eta asmo-adierazpen soilak adostea, ezta desparekotasunen sustraiei heltzen ez dieten makillaje-politikak planteatzea ere: aitzitik, eskatzen digute guztionak diren baliabideak erabil ditzagun emakumeen eta gizonen artean dauden sakoneko desparekotasunei aurre egiteko, inor atzean utzi gabe, lan-errealitatearen, arrazaren, sexu-desiraren orientazioaren, administrazio-egoeraren, adinaren eta beste edozein arrazoiren arabera sistemak ezartzen dituen diskriminazio eta zapalkuntza ugariei erantzunez.
Premiazko egoera horren aurrean, erabateko konpromiso bat hartu behar dugu gure udalerrietako pertsonekin, berdintasunaren eta justiziaren alde. Eta konpromiso hori har dezakegu, bakar-bakarrik, zeharo demokratikoak diren prozesuak planteatzen baditugu, non instituzioetatik “obeditzen gobernatuko dugun”, emakume zapatisten hitzak erabiliz. Eta bakar-bakarrik lortuko ditugu gure bizitzekin zerikusia duten erabaki guztiak bizi garen tokian hartzen baditugu, gure lurraldeetan, gure herrialdean; hau da, subirano izan bagaitezke eta gure erabakitzeko eskubidea baliatzeko moduan bagaude.
Euskal herritar guztien erabakiak errespetatuko dituen esparru politiko eta instituzional bat eskatzeko eta eraikitzeko lanean jarraitzen dugun bitartean, subiranotasun feminista noranzko ugariko bide baten antzera agertzen da, emakume guztien askatasunak berreskuratzeko eta eskubideak zabaltzeko prozesu baten antzera, non egunero-egunero definituko eta gauzatuko dugun gure burua gobernatzeko zer egin nahi dugun eta gure herrialdearentzat zer bizi-baldintza nahi ditugun, guztiontzat, salbuespenik gabe, eta belaunaldi gazteenen etorkizuna hipotekatu gabe.
Beharrezkoa da maila instituzional guztietatik lan egitea, koordinatuta eta ikuspegi subiranista zabal batekin, eta lehentasunak identifikatuz politika feministetan aurrerapauso sendoak egiteko, eremu guztietan eskubide eta askatasunak zabaltzearren.
Instituzioetan ere feminismoa egunero defendatzen eta eraikitzen delako, gaurko egunak balio behar du, halaber, Udal honek politika feministen alde hartu duen konpromisoa berresteko, emakumeen erabakitzeko eskubidea abiapuntua, euren bizitzak zeharka hobetzera zuzentzen diren arlo guztietako politika feministekin, azpimarra berezia jarriz egoera zaurgarriago batean dauden emakume-kolektiboengan.
Horregatik guztiagatik, Amasa-Villabonako udalak honako konpromisoak hartzen ditu:
1. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorraren bidean aurreratzeko neurri sorta bat garatzea udalerrian, beharrezkoak izango diren baliabide guztiak bermatuz:
◦ Udal aurrekontuen azterketa egitea, genero ikuspegitik, Udalak hartu dituen konpromisoen bideragarritasuna bermatuz.
◦ Udal kontratazio publikoan klausula sozial eta genero klausulak txertatzeko plan progresibo bat diseinatzea eta abiatzea.
◦ Udalerriko emakumeek egindako ekarpena balorean jartzeko memoria historikoa lantzea.
◦ Genero ikuspegi batetik udalerriko zaintzen errealitatearen azterketa egitea eta errealitate hori hobetzeko neurriak martxan jartzea, besteak beste, ondokoak jasoz:
▪ Etxez Etxeko Laguntza zerbitzua ematen den balditzak eta lan baldintzak duintzeko zuzenduriko neurriak proposatzea eta abiatzea.
▪ Familian egiten diren zaintzen analisia (ume eta mendekotasuna duten pertsonena), gabeziak, bete gabeko beharrak eta hobetu beharrekoak identifikatuz eta aurre egiteko neurriak abiatuz, kasu:
• Zaintzen beharrei erantzuteko udal espazioak egokitzea.
• Zaintzarako pertsonen kontratazioaren gainean laguntza ematea.
• Zaintza behar edo eskaintzen dituzten pertsonen arteko harremanak erraztea.
• Nagusiki emakumeek egindako zaintza lanei balorea emateko sentsibilizazio jarduerak bultzatzea, baita gizonek erantzunkidetasunaren gainean kontzientzia hartzeko jarduerak ere.
• Zaintza rolen gaineko emakumeentzako ahalduntze jarduerak abiatzea.
• Gazteei zuzendutako rol berdinzaleen gaineko hezkuntza jarduerak bultzatzea, ahalduntze ikuspegi batetik.
2. Amasa-Villabonako kolektibo feministak edota emakume taldeak konpromiso hauen garapenean udalarekin elkarlanean parte hartzeko bideak irekiko dira, jarduera guztien diseinutik ebaluazioraino parte hartu ahal izateko, euren iritzia kontuan hartuz.
3. Amasa-Villabonako udalak, Aiztondoko mugimendu feministak datorren martxoaren 8aren bueltan antolatuko dituen ekimenekin bat egingo du publikoki eta herritarrei parte hartzeko deia luzatuko die.
Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako Legarretako (SACEM-eko) zubiaren obrak amaitzear dauden honetan, oso kritikoak gara lortutako emaitzarekin.
Zubia zabaltzeko 500.000 eurotik gorako inbertsioa egin eta gero, trafikoari edo ibilgailuen mugikortasunari dagokionez, aurreko egoera hobetu beharrean, egoera okertu egin dela pentsatzen dugu. Ulertezina iruditzen zaigu zubi hori zeharkatzen duen errepidea bi norabidetakoa izanik, zubia zabaldu ondoren bi auto aldi berean pasatzea ezinezkoa izatea. Argi dago zubi horrek oinezkoentzako espaloi bat beharrezkoa zuela eta dudarik gabe horretan hobetu egin da, baina zubia zabaltzen hasita, ez al zen posible bi beharrak (bi norabidetako errepidea eta espaloia) uztartzea? Tamainako inbertsioa egin ondoren, tamalgarria da helburu hori ez lortu izana.
EH Bildutik argi utzi nahi dugu egungo udal gobernua osatu zenerako, obra hau onartua, esleitua eta martxan zegoela eta EH Bilduko udal gobernuari ondorioz ezinezkoa izan zaiola proiektuan inolako aldaketarik txertatzea. Aurreko udal gobernuak ordea, denbora izan zuen proiektua aztertzeko eta zuzenketak planteatzeko, baina ez zuen ezertxo ere egin proiektua hobetzeko eta gure herriaren interesak defendatzeko. Hori bai, PNVk udal hauteskundeetako kanpainaren erdian obraren ardura bere udal gobernuarena balitz bezala saldu nahi izan zuten, obra beraiengatik hasi zela harro aldarrikatuz.
PNVk udal hautesknunde kanpainan Amasa-Villabonan jarritako kartelak
Amaitzeko, Legarretako zubiaren egungo egoera kontutan hartuz gure udal gobernuak irtenbideak bilatzeko fase bat zabalduko du, udaltzaingoaren eta hirigintza saileko teknikarien parte hartzearekin. Izan ere, zubiaren egitura berriak zirkulazio arazoak sortuko dituela aurreikusten dugu, eta arazo horiei aurre egin beharrean aurkituko gara.
2015-2019ko PNVren udal gobernuaren beste herentzia ustel bat.
Udalei gastu muga malgutzeko Espainiako Gobernuaren konpromiso zehatza lortu du EH Bilduk Kongresuan
Superabita duten udalek politika sozialetan eta zerbitzu publikoetan inbertsio handiagoak egiteko konpromisoa hartu du Espainiako Gobernuak, EH Bilduren ekimenez.
Aurrekontuen egonkortasunerako Diputatuen Kongresuan egindako bozketan abstentziora jo dute Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioko bost diputatuek, Espainiako Gobernuak superabita daukaten udalek politika sozialetan eta zerbitzu publikoen hobekuntzan inbertsioak egin ahal izateko konpromisoa esplizitua hartu ondoren. EH Bilduk hala eskatuta hartu du konpromiso hori Gobernuak.
Gastu muga malgutzeko eta udalei inbertsio sozialak egitea ahalbidetzeko PSOEk eta EH Bilduk Kongresuan egindako akordioaren berrespenaren ondoren, defizitaren ibilbidearean onarpena erraztu du ezker subiranistak. Hori da, hain justu, aurrekontuak onartzeko prozesua abiatzea ekarri duen urratsa. Gastu muga handitzea eta horren bidez Euskal Herriko udalen egunerokoa erraztea da EH Bilduk eta PSOEk lortutako akordioaren muina.
Oskar Matute EH Bilduko diputatua, Madrilgo Kongresuan
Akordioak daukan balio politikoa azpimarratu zuen, behin osoko bilkura bukatuta, Oskar Matute diputatuak. “Gastu muga handitu da, eta modu horretara, herritarrentzat ezinbestekoak diren zerbitzu sozialak hobetu ahal izango dira eta, aldi berean, zerbitzu publikoak indartuko dira”.
Ezker subiranistak erakutsitako “erantzukizuna eta ardura” nabarmendu zituen Matutek, herri interesak alderdiaren interesen aurretik jarri dituelako. “EH Bildu akordioetan dagoenean eta erabakigarria denean, herritarren bizi baldintzak nabarmen hobetzen dira eta euskal herritarren eskubideak zaintzen dira. Horixe egin dugu gaur, udalen mesedetan gastu mugaren malgutzea ahalbidetuz”, esan zuen.
Ezker subiranistak PSOErekin Kongresuan izandako bilera gogoratu zuen Matutek. Abian jarri den aurrekontuak onartzeko prozesuaren inguruan jarrerak, iritziak eta hausnarketak partekatu zituzten bi aldeek bilera horretan. Bilkura giro onean eta errespetuzkoan egin zela nabarmendu zuen Oskar Matutek. Bilera horrek bi indar politikoen jarrerak hurbiltzeko eta bi talde parlamentarioen arteko harremanak sendotzeko balio izan zuen.
Gipuzkoako basoen eta mendien egoera kontuan izanik eta egun gure inguruneak eta klimak bizi duten larrialdi egoera ikusita, EH Bilduk Basogintza politikaren inguruko ponentzia bat eskatu du Batzar Nagusietan baina EAJ eta PSEk kontra egin dute, aditu eta eragileen ekarpenak jaso eta partaidetzari atea itxiz, euren esanetan, Aldundia lanean ari omen delako. PP eta Elkarrekin Gipuzkoak EH Bilduren proposamenaren alde bozkatu dute.
Hau izan da EH Bilduko Mirene Begiristainen hitzartzea basogintza batzordean: Hemen bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=YbUkq548aOQ&feature=emb_title
Gipuzkoako mendi-lurren egoera guztiz aldatu zen XVIII. mende bukaeratik XIX. mende hasierara, jabetza publiko eta komuna izatetik jabetza pribatura izatera pasa zirelako. Jabetza komunalak lurraldekako eta, batez ere, komunitateen araberako kudeaketa izatea suposatzen zuen. Gizarte antolatu eta zehatz batek bere jabetza komunaleko lurren gainean erabakitzen zuen; zer, nola eta noiz egin, elkarren arteko adostasunak bilatu eta unean uneko erabakiak hartuz gauzatzen zen.
Antolamendu modu hori aldatzen joan da modu desberdinean Euskal Herrian zehar, eta zehazki, Gipuzkoako kasuan, lurraren eta basoen jabetza pribatu izatera pasatu da hein handi batean. Eredu honek, administrazio mailan, basoarekin herriak duen harremanean zein maila ekonomiko eta ekologikoan errealitate jakin bat eraiki du, eta hainbat arazo sortu ditu ere bai.
Gipuzkoako baso kudeaketa Eusko Jaurlaritzak eginiko 177/2014 DEKRETUAn, 2014ko irailaren 16koan, behin betiko onartzen du EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala. Lurralde plan honek, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako nekazal lur eta baso-lurrak antolatu eta arautzen ditu. Araua orokorra da, ondoren herriz herri egingo den Hirigintza Araudiaren Plan Orokorrak (HAPO) zehaztuko du erkidegoko marko orokorrak emandako irizpideak jarraituz lurraren erabilpen zehatza. Baina praktikan, aukera hauek muga anitzekin topatu dira, hala nola, Aldundiak baimen asko eman behar dituela hainbat eskumen eta ikuskeren arteko talka sortuz. Horregatik ere zein arazo eta egokitzapen behar diren aztertzea behar-beharrezkoa da.
Mirene Begiristain EH Bilduko kidea Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Horrez gain, antolaketa lege hauek gizartetik oso urrun kokatu dira, eta gizartearen zati txiki batek ezagutu eta erabili ditu. Teknikarien ikuspuntuetara egokitu dira lurren erabilerak, teknikotasun handiko araudiz antolatu dira. Honek oraindik ere konplexuago egin die herritarrei lurraldearekin izan dezaketen harremana, araudia herritarren inolako parte hartzerik gabe gauzatu baita.
Gizartea eta basoaren artean daukagun harremana birpentsatu beharra daukagu arlo ekonomikoan ere. Gipuzkoan garatu den basogintza ereduari erreparatzen badiogu, Foru Aldundiaren gidaritzapean azken hamarkadetan garatu den basogintza politika merkatu globalizatu batean lehiatzeko diseinatua izan da, mundu mailako merkatuen merkantzia joan etorrian txertatzeko helburuarekin. Gainera, basoaren aniztasuna alde batera utzi eta egur ekoizpenean zentratu da. Espezie bakarreko (Intsignis Pinua) landaketak, egur ekoizpen hutsa du helburu, ekoizpen azkarra, kantitate handietan, kalitate baxua eta ingurugiroarekiko bortitza. Egia bada ere urteetan baserritar askori lagungarri egin zaiela eredu hau, gaur egun, agerikoa da iraungitze data duen eredua dela, espezie bakarreko landaketen ahulezia eta arriskuak orain ordaintzen ari baikara.Lurraren emankortasunean dauden arazo larriak ere aipatzekoak dira. Orokorrean, esan genezake basogintza eredua ez dela gizartean behetik gorako eztabaida baten emaitza izan, ezta ere klase baxuenen beharrizanetara egokitutako eredua, kapitalean intentsiboaren, hau da, zerrategiak eta paper fabriken, mesedetan izan da.
Horrez gain, 35.000 hektarea pinudi oso kaltetuta eta beste 60.000 hektarea gaitzak eraginda daude dagoeneko EAEn, “banda marroia” izenarekin ezagutzen dugun gaitzarekin, arbolak akabatzen ari den onddoak kutsatuta. Gaitz honek kalteturiko lurrazala bikoiztu egin da azken hilabeteotan, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuaren arabera. Horretarako, urtero bezala, Gipuzkoako basoak zaindu, hobetu eta ugaritzeko 2019 diru laguntzen oinarri arautzaileak eskaini ditu Aldundiak. Aldundiak zera aipatzen du: “Gipuzkoako baso sektorea indartzeko diru laguntza deialdia da”. Zentzu honetan, diru laguntza hau urtero atera da, baina basogintza sektorearentzako diru laguntza hauek zenbateraino lagundu duten baso politika bat lantzen zalantzagarria izan daiteke, basogintza eta egurgintza zenbateraino nahastuak izan diren mahai gainean jarriz.
Halaber, basoa eta lehen sektorea eta baserrien egoeren arteko lotura ikuskera eta ekosistema berdin baten parte dira. Zentzu horretan, monolaborantzan oinarritutako basogintza basoa al da?. Galdera horren baitan koka daiteke lurraldearen degradazioa loturik dagoela eragile desberdinek euren baliabide ekologiko, tekniko, ekonomiko, politiko eta sinbolikoen erabiltzeko duten agentzia potentzialtasunari.
Beraz, talde txostengilea sortzea eskatzen da Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Inguruneko batzorde honi lotuta, eta talde txostengileak aztertu beharko du zehazki Gipuzkoako egungo basoa eta basogintzaren egoera zehatza. Bertan, monolaborantzak eragindako kalteak zehazki ezagutu, egungo basogintza politikak eta honi lotutako zeharkako elementuei Gipuzkoako administrazio desberdinetan kudeaketa eredu egoki bat garatzeko sortzen dituen arazoak eta aukerak aztertzu beharko du. Etorkizuneko baso eta basogintzaren ikuspegi nola eta zein ereduari lotuta birplanteatu daiteken sakon eta modu lasaian hausnartu beharra dago, izan ere, urgentea eta premiazkoa da gipuzkoarrontzat eta Gipuzkoaren etorkizunerako joan den 'Gure Lurra Jardunaldian' bertan adituen azpimarratu zituzten dimentsio ekonomiko, sozial eta ekologikoak modu integralean baloratzea.
Ponentzia honetarako, baso eta basogintzari lotutako herri, eskualde eta Gipuzkoako aditu, proiektua zein lehen sektoreko eragile eta gorago aipatutako eragile ekonomiko ezberdinekin hausnarketak jasoko dira, saioak publikoak izanik. Beharrezkoa ikusten bada, beste lurralde batzuetako adituak edo eragileak ekartzeko aukera ere baloratuko da, euren hausnarketa talde txostengile honen helburuak lortzeko ekarpen baliotsua izango delakoan.
Egokia bada, Batzar Nagusietako Mahaiak onartu eta gero, aurrekontu bat egokituko zaio.
Azterketa bukatutakoan taldeak txosten bat egingo du, alde batetik, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko batzordean aurkeztuko da; eta bestetik, euren hausnarketen bidez hausnarketa aberastu duten aditu, proiektu zein eragile denei txostena ere bidaliko zaie bide elektronikoaz.
Eskaeran adierazten den moduan, talde txostengileak bere lanak 2020ko maiatzerako burutu beharko lituzkete.
Beraz, ehbildu taldeak eskaera zintzo hau luzatzen die talde danei, gaur hemen bilduta gauden taldeen erantzukizuna da Gipuzkoako basoen eta mendien egoerak hobetzeko hartu behar diren erabakiak eztabaidatzeko espazioa irekitzea. Baliatu dezagun ongizate komunerako.
Herri honek egia osoa jakitea merezi du. Zaldibarren bi erantzule daude, enpresa eta Jaurlaritza, eta asko dago argitzeke.
EH Bilduk eskatuta, Iñigo Urkullu lehendakaria Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean agertuko da azkenean, datorren asteartean, Zaldibarko ezbeharra dela eta Jaurlaritzak eginiko kudeaketaren inguruko xehetasunak emateko. Legebiltzarreko Mahaiak EH Bilduren eskaria onartu du gaur eta, hori berez albiste ona bada ere, Mikel Oterok “berandu ibiltzea” egotzi dio lehendakariari. “Urkullu behartuta etorriko da, ez bere borondatez. Propio etorri behar zuen, oposizioko alderdi batek eskatzeko beharra izan gabe, hain larria den egoera honek hala eskatzen zuelako lehen momentutik”.
Manifestazio jendetsua "Zaldibar Argitu ORAIN!" lemapean
Duela astebete jada gertatu zen ezbeharraren harira Jaurlaritzak eginiko kudeaketa salatu du Oterok. “Herri honek ez du merezi horrelako tragedia baten aurrean modu horretan jokatzen duen gobernu bat, herri honek egia osoa esaten duen gobernu bat merezi du, eta egia osoa ez da mahai gainean egon lehendabiziko momentutik; sekulako informazio falta egon da eta gauza asko daude argitzeke”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, Zaldibarren bi erantzule daude: batetik, zabortegiko enpresa, gauzak, antza, gaizki egin dituena; bestetik, erantzukizun politikoa zeukana, Jaurlaritza, alegia. “Ikuskaritza eta kontrol lanak ez zituen behar bezala egin eta ez zituen hartu tragedia gertatu aurretik hartu behar ziren neurriak; hemen ez da buruzagitza politikorik egon, ez da beharrezkoa zen erantzuna eman eta arduradun nagusiak mutu eta isilik egon dira. Herritarren eta oposizioaren presioak bakarrik bultzatu ditu azalpenak ematera”.
Oterok Jaurlaritzan ohikoa den modus operandi bera ikusi du Zaldibarren ere. “Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan berdin egin gertatu zen: lehendabizi, arazoaren ukazioa, kontua txikia balitz bezala, gero informazioa ezkutatzea eta saihestea eta azkenean bakarrik, eta herritarrek eta oposizioak behartu dituztelako, azalpenak”.
EH Bilduko ordezkariak EAJren erreakzio bortitza ere kritikatu du. “Ez da onargarria orain horrelako asaldatze itxurak egitea arazoa besteena izango balitz bezala eta arazoa beste batzuei bota nahian”.
Jaurlaritzak atea itxi dio EH Bildurekin aurrekontuez hitz egiteari eta aitzakia irrealak erabili ditu ezezkoa justifikatzeko, ahalmen osoa duelako pentsioak osatzeko eta diru publikoarekin sustatutako kontratazioetan 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko.
EH Bilduk 2020ko aurrekontuak zuzentzeko proposamena helarazi zion herenegun Jaurlaritzari eta egun berean jaso zuen, hedabideen bitartez, erantzuna: “Atea itxi diote EH Bildurekin elkarrizketa prozesu bat irekitzeari eta, EAJko buruzagi baten kasuan, modu zatar eta iraingarri batean gainera”. Iker Casanovak salatu duenez, Lakuak “aitzakia irrealak” erabili ditu; izan ere, pentsioak osatzea eta diru publikoarekin sustatutako kontratazioetan 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, EH Bilduk eskatu bezala, egingarria da, Gobernuan borondate politikoa baldin badago, neurri horiek legalak direlako eta haren eskumenen markoan sartzen direlako. Horren ildotik, gogora ekarri du Azpiazu sailburuak argudio berberak erabili zituela iaz eta azkenean 140 milioi euro eskaintzeraino iritsi zela, besteak beste, pentsioak osatzeko.
Hala, EH Bilduko legebiltzarkideak koalizioaren proposamena onartzeak ekarriko zituen onurak azpimarratu ditu, batez ere pentsiodunen egoera hobetzeko eta kalitatezko enplegu sustatzeko.
Batetik, 2008az geroztik indarrean dagoen Diru-Sarrerak Bermatzeko Legea betetzea baino ez dugu eskatzen; hau da, pentsio baxuenak gutxieneko soldataraino osatzea Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) bitartez. “Gaur egun pentsiodunei 765 euro hileko bermatzen zaie DBEren bidez, baina gure proposamenarekin, 2008ko legea beteta, kopuru hori 1.050 eurokoa litzateke. Hori da eskatzen ari garena, eta Jaurlaritzak ahalmen ekonomiko osoa du hori egiteko, neurri horren kostua 50 milioi ingurukoa baita”.
Eta bestetik, Casanovak azaldu du kontratazio publikoetan eta diru publikoarekin sustatutako kontratuetan Jaurlaritzak eskumena duela, enplegu duina sortze aldera, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko, klausula sozialen bidez. “Horrek ez du inpaktu ekonomikorik aurrekontuetan eta borondate politikoa baino ez du eskatzen”.
“Aurrekontuen eztabaida jendearen beharren zerbitzura ipini nahi dugu”, azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta EAJri erantzun dio: “Hori egitea ez da jendeaz trufatzea; 900 euro baino gutxiago kobratzen duten gazteei Jaurlaritzak esaten die ez duela ezer egin nahi hori aldatzeko, estu dabiltzan pentsiodunei esaten die ez duela 2008ko legea bete nahi eta AHT gastu ekologiko bezala saltzen du; hori guztia bai dela jendeari barre egitea”.
Casanovaren iritziz, Urkulluren Gobernuak horretaz guztiaz hitz egiteari uko egin dio “aurrekontuen onarpena beste alde batetik lotuta duelako, aurrekontuak merke onartzeko prest dagoen beste indar batekin”, Podemosekin, alegia. Erabaki horren oinarrian hautu ideologiko bat dago, erantsi duenez: “EAJ eta Jaurlaritza eskuindarrak dira eta ulertzen ez duguna da zergatik bere burua ezkertiartzat jotzen duten bi alderdik ematen dioten sostengua aurrekontu horri”.
Hori horrela, Casanovak aditzera eman du EH Bildu osoko zuzenketa aurkeztuko duela, Lakuan ezezkoan jarraitzen badute eta gauzak aldatzen ez badira.
100 milioiko engainua Jasangarritasunaren Legean
Mikel Oterok ere 2020ko aurrekontuak izan ditu hizpide Legebiltzarreko Osoko Bilkuran. Gogorarazi duenez, otsailean onartutako Jasangarritasun Energetikoaren Legearen arabera, 2020ko aurrekontuetan Jaurlaritzak 100 milioi euro txertatu behar ditu aldaketa klimatikoaren aurkako udalen ekintzak finantzatzeko, baina, hala ere, ez du egin. Hori dela eta, Oterok aurrekontuetan diru kopuru hori txertatzeko eskatu du, baina EAJ, PSE eta Podemosek uko egin diote harekin bat egiteari. EH Bilduko legebiltzarkideak engainutzat jo du EAJ eta PSEren jokabidea eta Gobernuaren aurrekontuei abal berdea ematea egotzi dio Podemosi.
Ez dugu ulertzen mugarri bat ezar lezakeen akordio transbertsal baten aurrean EAJk gutxieneko pentsioak duintzeko proposamenaren aurka egitea alderdi interesak herritarren interesen gainetik lehenetsita. Atzeratu ezin den aldarrikapen bat da.
EH Bilduk, PSOEk eta Unidas Podemosek adostutako erdibideko emendakinari EAJk jarritako betoak gutxieneko pentsioak igotzeko akordioa galarazi du Diputatuen Kongresuan, ordezkaritza daukaten taldeen gehiengoa egitasmoaren alde egon arren.
Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak ulertezintzat jo du pentsiodunen eskubideak eta bizi baldintzak duintzeko proposamenaren aurrean EAJk erakutsitako jarrera oztopatzailea. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren eskari eta aldarrikapenei uko egitea egotzi dio koalizio abertzaleak EAJri. "Aukera garrantzitsua galdu dugu pentsiodun guztien defentsa pauso historikoa ematekoa. Ez dugu ulertzen mugarri bat ezar lezakeen akordio transbertsal baten aurrean EAJk gutxieneko pentsioak duintzeko proposamenaren aurka egitea alderdi interesak herritarren interesen gainetik lehenetsita. Atzeratu ezin den aldarrikapen bat da", salatu dute.
EH Bildu, PSOE eta Unidas Podemosek adostutako zuzenketak gutxieneko pentsioak Europako Gutun Sozialaren arabera igotzeko neurriak jasotzen zituen, pentsiodunen mugimenduak eskatzen duen bezala. Emendakinak, gainera, pentsioen erreforma eta murrizketa guztiak bertan behera uztea zekarren. Zuzenketaren arabera, Espainiako Gobernuak "konpromiso zehatza" adierazten zuen Gizarte Segurantzari lotutako eskumen guztiak euskal erakundeetara eskualdatzeko.
Euskal Herriko indar subiranistari kezkagarria iruditzen zaio EAJk aukera historiko hau probestu ez izana. Interes propioak pentsiodunen beharren gainetik jartzea deitoratu du koalizio abertzaleak. EH Bilduk berretsi du pentsiodunen eskariak erakunde guztietara eramaten jarraituko duela aurreratzean, eta herritarren interesak lehenetsiko dituela haien aldarrikapen eta beharrak ahalik eta lasterren praktika eraman ahal izateko.
Udal hautetsien nazio erakundeak batzarra egin zuen pasa den larunbatean Durangon eta bertan legealdi honetarako zuzendaritza berria aukeratzeko. Bertan izan ziren Amasa-Villabonako EH Bilduko hautetsiak ere, Euskal Herri osoa barnebiltzen duen erakunde nazional bakarrari gure atxikimendua eta erabateko babesa adieraziz. Izan ere, Udalbiltza ezinbesteko erakundea da guretzat, gure nazioaren zatiketa administratiboari aurre egin eta euskal lurralde ezberdinetako hautetsien elkargunea baita. Naziogintzan aurrera egiteko eta gure nazio izaeran sakontzeko tresna baliagarria izaten jarraitzen du Udalbiltzak eta udal ordezkarien arteko elkar ezagutzan sakontzeko eta sinergiak bilatzeko gune aproposa da dudarik gabe. Tamalgarria da beren burua abertzaletzat duten ehunka hautetsik, PNVren erabakiz, Euskal Herriko erakunde nazional bakarrari bizkarra eman izana, guretzat ulertezina da, ez al dute Euskal Herrian sinesten? ez al dute zazpi lurraldez osatutako erakundetzean sinesten? benetan etsigarria da...
Durangoko batzarrean aho batez erabakita, Jabi Asurmendi Arakaldoko alkatea izango da Udalbiltzako lehendakaria, lehendakariordeak berriz, Irantzu Antoñana (Vianako hautetsia) eta Pili Legarra (Asteasuko alkatea) izango dira. Jabi Asurmendi, duela sei urte pasa Udalbiltza berrantolatu zutenetik hirugarren lehendakaria da. Mertxe Aizpurua eta Luis Intxauspe izan ziren aurreko biak. Nazio erakundean 1.050 udalbiltzakide daude gaur egun eta gehiago izateko lanean ari da zuzendaritza.
Jabi Asurmendi lehendakaria eta Batzorde Eragile berriko kideak Durangoko batzarrean
Guztira hamahiru lagunek osatuko dute batzorde eragile berria:
Lehendakaria:
- Jabi Asurmendi (Arakaldoko alkatea, Bizkaia).
Lehendakariordeak:
- Pili Legarra (Asteasuko alkatea, Gipuzkoa).
- Irantzu Antoñana (Vianako zinegotzia, Nafarroa).
Batzordeko beste kideak:
- Lamia Arcas (Laudioko zinegotzia, Araba).
- Jon Arriola (Berriatuko alkatea, Bizkaia).
- Asier Gonzalez (Bilboko zinegotzia, Bizkaia).
- Itziar Amezaga (Errigoitiko zinegotzia, Bizkaia).
- Andoni Gartzia (Astigarragako zinegotzia, Gipuzkoa).
- Koro Etxeberria (Hernaniko zinegotzia, Gipuzkoa).
- Xanti Kapendegi (Ahetzeko zinegotzia, Lapurdi).
- Xebax Christy (Hazparneko zinegotzia, Lapurdi).
- Aitor Elexpuru (Berako alkatea, Nafarroa).
- Oihan Mendo (Garesko alkatea, Nafarroa).
2021era arteko plangintza
Udalbiltzaren 2018-2021erako plangintzako proiektuak zertan diren ere azaldu zuten Durangoko batzarrean: Ikerbiltza, Hurbiltzen, Hartu-eman, Lurgida, Hauspotu eta Euskal Herriko historiaren memoria gunea. Nazio erakundeak garrantzi handia ematen die euskal lurraldeen arteko saretzeari, burujabetzari eta tokiko garapenari. Burujabetza arloan, garatzen ari da energetikoa, elikadura eta ekonomia soziala. Euskarri turistiko baten egitasmoa ere badu.
Asurmendik elkarlanaren beharra nabarmendu zuen aginte makila hartu berritan: «Udalgintzatik garapenaren eta burujabetzaren bidean, urratsak egin daitezkeela konbentzituta gaude. Horretarako, udalen, hautetsien, erakundeen eta eragileen arteko lankidetza premiazkoa da, denak bat eginez eta elkartasunean, zubiak eraikiz, esperientziak zein ezagutzak partekatuz, senidetzeak bultzatuz; azken batean, Euskal Herria eginez».
Ima Garrastatxu Durangoko alkate eta udalbiltzakidearen hitzaldi batekin hasi zen bilkura, eta AMI independentziaren aldeko Kataluniako udalen elkarteko presidente Josep Maria Cerverak hitzordurako igorritako bideo bat ikusi zuten bertan bildutako hautetsiek.
Omenaldia Udalbiltzan aritutakoei
Durangoko ekitaldian omenaldi bat egin zitzaien Udalbiltzaren sorreratik egondako batzordekide, langile eta auzipetuei. Haietako zenbait bertan izan ziren.
EAJ, EH, EA, AB eta talde independenteetako hautetsiek sortu zuten nazio instituzioa, 1999ko irailean Lizarra-Garazi akordioaren garaian. Ituna bukatu zenean, bitan zatitu zen Udalbiltza —EAJ eta EAkoena zegoen, batetik, eta ezker abertzalekoena, bestetik—, eta, gainera, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleko hautetsiez osatutakoaren aurkako epaiketa egin zuen. Absoluzioa eman zuen 2011n. Handik bi urtera, nazio erakunde berrantolatua aurkeztu zuten, batez ere Bilduko eta EH Baiko hautetsiez osatutakoa. EAJk duela bost bat urte bukatu zuen Udalbiltza-Udalbide erakundearekin baina Udalbiltza bazterrean uztea erabaki zuen.
Udala inoiz egin den herritarren parte hartze zuzenaren inguruko ariketa garrantzitsuena martxan jartzen ari den honetan, EAJren ekarpen bakarra komunikabideetan argitaratutako kritikaz jositako oharra izan da. Herri gisa erronka paregabea dugu aurrean eta EAJk guztia lokaztu eta desitxuratu nahi izatea, tamalgarria iruditzen zaigu. Bakoitzak ikusiko du zein den herri honi egin nahi dion ekarpena, baina gu ez gara joko horretan sartuko, gure indar eta gogo guztiak herri galdeketa prozesua ondo garatzera eta herritarren ekarpenak biltzera bideratu nahi ditugu eta.
Jeltzaleek zabaldutako oharrean, besteak beste, udalak egindako batzar irekietara herriko elkarte batzuk ez gonbidatu izana salatzen da eta jarraian, alderdi politikoak ere ez gonbidatzea leporatzen zaio udal gobernuari.
Honakoak gezurrak direla salatu beharrean aurkitzen gara. Parte hartze prozesua azaltzeko egindako bi batzar irekietarako gonbidapena guztiei helarazteko, udalean dagoen herriko elkarteen zerrenda erabili da. Tartean daude EAJk aipatzen dituen hiru elkarteetatik bi. Egia da, Odol Emaileen elkarteari ez zitzaiola mezua bidali, ez baitaude inskribatuak zerrenda horretan. Bestalde, udaleko parte hartze batzordeko partaide diren EAJ eta PSEko ordezkariei ere mezua igorri zitzaien batzar irekian parte hartzeko gonbidapena eginez eta dokumentazioa bidaliz. Gainera, batzar hauetako deialdiaren berri eman zen udal web orrian, sare sozialetan eta eskualdeko komunikabideetan. Udal ordezkari izanik norberaren e-maila, udaleko web orria edota komunikabideak begiratu ere egiten ez badituzte, ez da gure ardura, eta ordezkari hauen interes falta kezkagarria geratzen da agerian.
Aipatzekoa da prozesu hau lantzeko egin zen herritarren parte hartze batzordeko bileran EAJko ordezkariari telefonoz deitu behar izan zitzaiola ez zelako bilerara agertzen, bere erantzuna ahaztu egin zitzaiola izan zela eta pixka bat itxoiteko etorri arte. Nola ez, itxaron egin genion, prozesu honetan denok beharrezkoak garelako.
EAJri informazioa kontrastatu dezala eskatu nahi genioke eta ez ditzala herriko elkarteak oposizioa egiteko arma politiko moduan erabili.
EAJren oharrean hau irakurri dugu: "Alkatetzak ez ofizialki adierazten du 2 edo 3 proposamen baino ez direla sartuko". Baieztapen honek zur eta lur utzi gaitu, EAJko norbaiten imajinazioak asmatutakoa baita. Noiz esan ditu EH Bilduko zinegotzi batek edo alkateak hitz horiek? Zertara dator asmakizun hau? Parte hartze prozesuaren garapenak berak erakutsiko du hori ez dela egia.
"Bilduk dagoeneko iragarri du prentsan herritarren proposamen horietako baten xedea: Larreako parke estalia... herritarrek erabaki baino lehen udal gobernuak erabaki!" dio EAJk.
Azal dezagun gaia: Larreako parkea estaltzearena EH Bilduren udal programako proiektu nagusietako bat zen. Beraz, hauteskundeen ondoren udal gobernua eskuratuta, proiektua gauzatzea (jendeari emandako hitza betetzea) bidezkoa dela ulertzen dugu. Galdeketa batek sinesgarritasuna izan dezan, aurretik egindako galdeketen emaitzak errespetatu eta bete egin behar direla uste dugu.
Jeltzaleen oharrean Beatriz Unzue batzarrean egon ez izana salatzen da. Alkatea une horretan Tolosaldea Garatzen erakundearen batzarrean zegoen gure udalaren ordezkari gisa lan egiten. Galdetzea besterik ez zuten, publikoki alkateari kritika merke hori egin baino lehen.
EAJren oposizioa egiteko modu honek elkarlanerako aukerak mugatzera eta ezer onik ez dakarren etengabeko tirabira zein liskarrera garamatza, herritarren aurrean ikuskizun penagarria eskainiz. Soluzioak eskaini beharrean, arazo sortzaile izatea, tristea litzateke.
EH Bildutik jarrera hau alde batera uztera gonbidatu nahi ditugu udalean bidelagun ditugun EAJko kideak. Udal gobernuko jardunean zer hobetu asko dugu, kritika egitea normala eta zilegi da, baina ez dugu jarrera eraikitzailea duen oposizioa ikusten eta horrek ez du laguntzen herritarrentzat lan hobea egiten. Oraingoz, zoritxarrez, horma zurrun, itxi eta erasokor batekin egin dugu topo, oraindik batzuk udal hauteskundeen emaitzak barneratu ezinik dabiltzala erakusten duen horma.
EN CASTELLANO:
En respuesta a las críticas del PNV de Villabona
En el momento en que el Ayuntamiento está poniendo en marcha el ejercicio más importante de participación ciudadana directa que se ha hecho nunca, la única aportación del PNV ha sido una nota plagada de críticas publicada en los medios de comunicación. Como pueblo afrontamos un reto importante e ilusionante y el hecho de que el PNV quiera embarrar e intentar desfigurarlo, resulta lamentable. Cada cual verá cuál es la aportación que quiere hacer a este pueblo, pero nosotras queremos dedicar todas nuestras fuerzas y ganas al buen desarrollo del proceso de participación y consulta popular.
En la nota difundida por los jeltzales se denuncia, entre otras cosas, la no invitación de algunas asociaciones a las asambleas abiertas celebradas por el ayuntamiento y a continuación se acusa al gobierno municipal de tampoco invitar a ningún partido político.
Tenemos que denunciar que esto es falso. Para hacer llegar la invitación de las dos asambleas abiertas celebradas para explicar el proceso participativo, se ha utilizado el listado de asociaciones locales que existe en el Ayuntamiento. Ahí se encuentran dos de las tres asociaciones a las que se refiere el PNV. Es cierto que no se envió el mensaje a la Asociación de Donantes de Sangre porque no están inscritos en esa lista. Por otra parte, también se envió un mensaje a los representantes de PNV y PSE que participan en la comisión de participación, invitándolas a participar en la asamblea abierta y se les envió toda la documentación. Además, se informó de la convocatoria en la página web municipal, en las redes sociales y en los medios de comunicación de la comarca. Si como representantes municipales no revisan ni su propio e-mail, ni la página web municipal, ni los medios de comunicación, no es nuestra responsabilidad, y queda en evidencia su preocupante falta de interés como representantes políticos.
Cabe señalar que en la reunión de la comisión de participación ciudadana que se celebró para tratar este proceso, se tuvo que llamar por teléfono a la representante del PNV porque no acudía a la reunión, su respuesta fue que se le había olvidado y que esperásemos un poco. Cómo no, la esperamos, porque en este proceso todas somos necesarias.
Quisiéramos pedir al PNV que contraste la información y que no intente utilizar a las asociaciones del pueblo como arma política para hacer oposición.
En la nota del PNV leemos lo siguiente "la Alcaldía declara no oficialmente que sólo se incluirán 2 o 3 propuestas". Esta afirmación nos ha dejado perplejos porque simplemente es una invención. ¿Cuándo ha dicho eso un concejal de EH Bildu o la alcaldesa? ¿A qué viene este invento? El propio desarrollo del proceso participativo demostrará que no es cierto.
"Bildu ya ha anunciado en la prensa el objeto de una de esas propuestas ciudadanas: el parque cubierto de Larrea... ¡antes de que los ciudadanos decide el gobierno municipal!" Afirma y critica el PNV.
Expliquemos el tema: el de cubrir el parque de Larrea era uno de los principales proyectos recogidos en programa municipal de EH Bildu. Por lo tanto, una vez obtenido el gobierno municipal, entendemos que es justo llevar a cabo el proyecto, cumpliendo con la palabra dada a la gente. Para que una consulta tenga credibilidad, creemos que los resultados de las consultas previas deben ser respetados y cumplidos.
El PNV denuncia la ausencia de Beatriz Unzue en la asamblea pública. La alcaldesa estaba en ese momento en una reunión de Tolosaldea Garatzen trabajando en representación de nuestro ayuntamiento. Sólo tenían que preguntar, antes de hacer públicamente esa crítica tan barata y fuera de lugar.
Esta forma de hacer oposición del PNV, nos conduce, muy a nuestro pesar, a limitar las posibilidades de colaboración y a un continuo enfrentamiento y rifirrafe que no aporta nada bueno, ofreciendo un espectáculo lamentable ante la ciudadanía.
Desde EH Bildu queremos invitar a los concejales del PNV que nos acompañan en el ayuntamiento, a abandonar esta postura. Tenemos mucho que mejorar en la actuación del gobierno, criticar es totalmente normal y legítimo, pero no vemos una oposición con una actitud constructiva y eso no ayuda a hacer un trabajo mejor para la gente de Amasa-Villabona. De momento, por desgracia, nos hemos topado con un muro rígido, cerrado y agresivo que demuestra que todavía a algunos les cuesta más de lo debido asimilar los resultados de las últimas elecciones municipales.
Azaroaren 10ean Boliviako Estatu Plurinazionaleko Presidente Evo Moralesek bere dimisioa aurkeztu zuen, poliziek eta militarrek behartuta. Dimisioa eman baino lehen Morales presidentearen, bere gobernuko kideen eta Boliviako beste hainbat hautetsien senideen kontrako erasoak eman ziren.
Egoera honen aurrena, EH Bilduk gogor salatzen du Bolivian ematen ari den estatu kolpea, egoera benetan larria da eta konfrontazio zibilerako arriskua handia dela azpimarratu nahi dugu, izan ere estatu kolpea bultzatu duten indarrek errepresioarekin erantzuten ari zaizkio Moralesen alde antolatutako herritarrei. Aurreko hilabetean izandako hauteskundetan Evo Moralesek bozen %46 lortu zituela eta hauteskunde horiek errepikatzeko prestutasuna adierazi duela azpimarratzekoa da ere.
Moralesen kontra altxatu direnei eskubide zibil eta politikoen errespetua eta gatazka negoziazio eta akordioaren bidez konpontzera dei egiten diegu eta Estatu Kolpe honen kanpo-bultzatzaileei injerentzia gelditu eta Boliviako soberania errespetatzera deitzen ditugu.
EH Bilduk bere babesa adierazi nahi die Evo Morales presidenteari eta MASeko lagun guztiei eta bereziki El Alton eta Bolivia osoan kolpearen kontra mobilizatzen hasi diren herritarrei. Azkenik EH Bilduk dei egiten dio Euskal Herriko jendarteari Estatu kolpe honi aurre egiteko antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzera.
Tolosaldea hainbat ezaugarritako 28 herrik osatzen dutela aintzat hartuta, eskualde bizi, kohesionatu eta orekatua lortzeko izaera integraleko instituzio publikoaren alde egin du koalizioak, eta horretarako ezinbesteko jo duen elkarlanerako borondate politikoa duela baieztatu du.
“Askotariko ezaugarriak eta izaera dituzten 28 herrik osatzen dute Tolosaldea”, EH Bilduko ordezkari Lore Agirrek adierazi duenez, eta gehitu du, legealdi honetan, “EH Bilduko 100 hautetsi baino gehiago” ari direla beren herrirako zein eskualderako lanean. Izan ere, Agirreren hitzetan, “EH Bilduk beti lan egin du Tolosaldea bizi, kohesionatu eta orekatu baten alde”.
Tolosako EH Bilgunean egindako agerraldian adierazi dutenez, EH Bilduk ez du abiadura bat baino gehiagoko herriak dituen eskualdea nahi: “Elkarrekin, bidea eginez, etorkizuneko eskualdea diseinatu nahi dugu. Epe motz, ertain eta luzera ditugun erronkei elkarrekin erantzun nahi diegu”.
Horretarako, koalizioko kideen ustez, eskualdeko herri guztien parte hartzea eta horien koordinazioa bermatzeko aukera emango duten markoak beharrezkoak dira. “Eskualde mailako antolaketa eta egituratzea beharrezkoa da ditugun erronkei erantzuteko”, azaldu du Agirrek. Ondorioz, Agirrek esan du EH Bildu eskualdeko ikuspegi integrala duen instituzio publiko baten alde dagoela: “Horretarako, elkarlana ezinbestekoa da. Elkarlanerako, borondate politikoa ezinbestekoa da. Eta guk badaukagu”.
Datozen urteetarako erronkak
2019-2023 legealdira begira, berriz, eskualdean hainbat erronka dituztela azaldu du Amaia Azkue Berastegiko alkate eta Gipuzkoako batzarkideak, osasun arretaren egoerari arreta berezia eskainita: “Osasungintzaren arloan, Tolosaldean badakigu ez dagoela osasun arreta integralik. Horren aurrean, eskualdeko beharrak aztertu eta konponbidea bilatu behar dugu”. Asuncion klinika publiko bihurtzeazein ospitale publiko berri bat eraikitzea, bi aukerak ontzat jotzen ditu EH Bilduk, baina ezinbesteko baldintza batekin, Azkueren hitzetan: “Beti ere, eskualdeko herritarrak erabakiaren parte izango direla bermatu behar da”.
Gizarte zerbitzuen arloari dagokionez, eskualdeko berezitasunak kontuan hartuta, “egungo antolaketak ez die herritarren beharrei erantzuten”, EH Bilduko kideek adierazi dutenez. Ondorioz, Azkuek ezinbestekotzat jo du “eskualdeko herritarren beharrak aintzat hartuko dituen egitura berri bat”.
Garapen ekonomikoari dagokionez, aurrerapausoak emateko konpromisoa agertu du EH Bilduk. “Landa garapenari eta tokiko garapenari lotutako erronkei eutsiko diegu”, adierazi du Azkuek. Horretarako, elikadura burujabetzara bidean pausoak emateko asmo agertu du: “Herri txikietan lan egin eta bizitzea posible izan dadin, eta herrien, hirien eta landa eremuaren arteko kohesioa berma dadin”. Landa eremuko jarduera ekonomikoan, belaunaldi arteko erreleboa bermatzeko pausoak ere emango dituztela azaldu du Azkuek: “Herri txikietako ostatuen kudeaketan, merkataritza txikian edota lehen sektorean eragiten ahaleginduko gara”. Horrez gain, burujabetza sustatu asmo dute teknologiaren eta industriaren arloan ere: “Tolosaldea Garatzen indartzea eta Apattako bigarren faseari eustea dira gure helburuak”.
Jasangarritasunaren arloan ere aurrerapausoak emateko borondatea azaldu du eskualdeko EH Bilduk. Azkueren hitzetan, “klima larrialdiaren egoerari aurre egin nahi diogu”. Horretarako, batetik, energia burujabetzari arreta eskainiko diote: “Energia ondare publikoa eta estrategikoa dela ulertzen dugu, eta Tolargi zein Zazpiturri norabide horretan kudeatu behar direla iruditzen zaigu”. Beraz, energia berriztagarrien aldeko neurriak abian jartzeko konpromisoa azaldu dute, eta eskualde mailan, esaterako, biomasaren erabilera eta eguzki plaken ezarpena bultzatuko dute. Bestetik, garraio publikoari eta mugikortasunari arreta eskaini behar zaiela uste dute koalizioko ordezkariek, eta “lurraldeko hiriburuarekin lotuko gaituen zein eskualde barruko komunikazio egokia bermatuko duen garraio plan integral iraunkor bat” diseinatu behar dela azaldu du Azkuek. Azkenik, hondakinen kudeaketa aintzat hartuta, birziklapena eta fiskalitatea aintzat hartuko dituztela adierazi du Berastegiko alkateak: “Birziklapen tasen igoera sustatzen jarraituko dugu eta birziklatzen dutenen aldeko fiskalitatea landuko dugu”.
Euskalgintzari ere erreparatu diote koalizioko ordezkariek. “Euskara, gure hizkuntza da, eta gure identitatearen ezaugarria eta kulturaren ardatz nagusia izaten jarraitu behar du”. Horretarako, EH Bilduk “estrategikoa” deritzo TEM Tolosaldeako Euskararen Mahaiaren prozesuari, eta adostasunetara joko du: “Hori gorpuztera begira, alderdi politikoon zein eragile sozialen arteko akordio zabalak eta konpromiso zehatzak beharko dira”.
Azkenik, bizikidetzari dagokionez, Azkuek adierazi duEH Bilduk “errepresaliatu politikoen eskubideen bermea eta alde orotako biktimen erreparazioa” sustatuko duela eskualde mailan. Eta horrekin lotuta, memoria historikoaren lanketa ere “ikuspegi integralarekin” jorratzeko konpromisoa agertu dute koalizioko ordezkariek.
Amasa-Villabonan berriro ere EH Bildu izan da bozka gehien lortu dituen alderdia eta abstentzioa igo arren 2019ko apirilean izandako emaitzak hobetu ditu 45 bozka gehiago lortuz.
Beraz, Amasa-Villabonako EH Bilduk balorazio oso positiboa egiten du eta eskerrak eman nahi dizkie hauteskunde hauetan EH Bildurekin bat egin eta lanean haritu diren kide guztiei. Era berean, beren konfidantza EH Bildurengan ezarri duten 1.087 herritarrei ere eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu. Eskerrik asko Amasa-Villabona!
Hauek izan dira Amasa-Villabonako emaitzak:
EH Bilduk emaitza oso onak lortu ditu
Euskal Herri mailan, EH Bilduk emaitza ikusgarriak izan ditu, Amasa-Villabonan bezala boto kopuruan gorakada izanik eta guztira 5 eserleku lortuz Madrilgo kongresuan. Beraz, helburua bete dugu eta hego Euskal Herriko lurralde guztietan ordezkaritza lortu duen alderdi abertzale bakarra izan da EH Bildu. Nafarroan diputatua berreskuratu dugu eta Bel Pozueta kongresuan izango da Nafarroan lortutako 56.000tik gora bozkei esker. Bel Pozuetarekin nafar ahots feminista eta subiranista izatearekin batera, justizia aldarrikatuko dugu injustizien lurraldean; Altsasukoak aske! Gainera, Gorka Elejabarrieta senatari gisa hautatua izan da Gipuzkoan lortutako emaitza onak direla medio.
Guzti honen ondorioz, EH Bilduk talde politiko propioa izan behar luke kongresuan, horretarako baldintza guztiak betetzen dituelarik, baina ezin gara fidatu, aurreko legealdietan betoa ezarri baitzaio gure talde propioa izateari eta oraingoan ere trikimailuren bat erabiltzea ez litzateke harritzekoa. Taldearekin edo gabe, EH Bildu eta ezker independentista hor egongo da, Madrilen eta behar den lekuan gure aldarrikapenak etengabe plazaratzen: Preso politiko guztiak etxean nahi ditugu, nazioek erabakitzeko eskubidea dugu, politika ekonomiko neoliberalekin amaitu beharra dago eta eskubide sozialak defendatu, politika feminista erdigunean jarri behar da...
Madrilen izango diren EH Bilduko ordezkariak emaitzak ospatzen
Bestalde, azpimarragarria da berriro ere trifatxitoko alderdiek (PP, Ciudadanos eta Vox) ez dutela inolako ordezkaritzarik lortu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta honek agerian uzaten du Euskal Herria oso desberdina dela Espainiar estatuarekin alderatuta. Emaitza hauek oso garbi ikusarazten dute Euskal Herria nazioa dela eta ez duela zer ikusirik estatuko beste lurraldeekin.
Kataluniar eta Galiziar independentisten emaitza azpimarragarriak
Katalunian ere alderdi independentistek irabazi dituzte hauteskundeak eta oraingo honetan CUP alderdia ere kongresuan izango da. EH Bildutik ERC, JPC eta CUP alderdiei gure zorion mezua helarazi nahi diegu. Zorionak lagunak! Galizatik ere albiste onak iritsi dira; BNG alderdi abertzale eta independentista berriro ere Madrilen gure alboan izatea oso pozgarria da. Zorionak BNG!
VOX alderdi faxistaren gorakada kezkagarria
Santi Abascal arabarrak zuzendutako alderdi ultraeskuindar, faxista, homofobo, arrazista eta supremazista espainiarrak emaitza onak lortu izana benetan kezkagarria iruditzen zaigu. Egia da Vox, Ciudadanos espainiar alderdi nazionalistaren kontura igo dela baina hala ere faxisten igoera albiste txarra da dudarik gabe. Honek Euskal Herria eta Espainiar estatuaren arteko arrakala handitzea dakar, zorionez gure nazioan Vox-ek duen babesa hutsaren hurrengoa baita.
PSOEk zer egin erabaki behar du
PSOEk hauteskundeak irabazi ditu estatuan baina jokaldia gaizki irten zaio; emaitza kaskarragoa izan du, ez du Podemos hondoratzerik lortu eta hirugarren hauteskundeak deitzearen arduragabekeriak espainiar faxismoaren berpizkundea ekarri du. Gainera orain lehen baino zailagoa du gobernu egonkor bat eratzea. Badirudi Sanchez eskuinera begira jarriko dela PPren abstentzioa bilatuz eta jakina denez, horrek ez ditu Espainiak dituen arazo estrukturalak (krisi politiko, ekonomiko eta nazionalak) konponbidearen norabidean jarriko. Berriro ere aukera paregabea du lider eta estadista gisa jokatu eta krisi horiei modu demokratiko batean aurre egiteko, autoritarismoa eta errepresioa baztertuz, baina zoritxarrez ez dirudi PSOEk horretarako borondaterik duenik.
Espainiar estatuari gero eta kirats handiagoa dario, bada garaia "gu bagoaz!" esateko eta gure herriaren autodeterminazio eskubidea lortzeko borrokan murgiltzeko. Animo eta aurrera, gora goaz eta!
Herritarrek bizi-baldintza duinak lortzeko lan asko dago egiteko eta greba zein mobilizazioak beharrezkoak izango dira aurrera urratsak eman nahi baldin baditugu.
EH Bilduk urtarrilaren 30eko greba orokorrean aktiboki parte hartuko du. Horrela adierazi zuen prentsaurrekoan Asier Iza metaleko langileak eta Sestaoko EH Bilduko zinegotziak.
“Bat egiten dugu urtarrilaren 30erako Eskubide Sozialen Kartak deitutako grebarekin. Arrazoiak badaude. Prekarietatearen aurrean, bizi-baldintza duinak aldarrikatzen ditugu. Urtarrilaren 30ean kalera aterako gara erabaki politikoen erdigunean bizitza jartzeko eta hauek ez egoteko elite ekonomikoen interesen menpe. Kalean izango gara herri duin batean, bizitza duin bat aldarrikatzeko”, adierazi zuen EH Bilduko ordezkariak.
Izak gogoratu du oraindik asko dagoela egiteko bizi-baldintza duin batzuk lortzeko. “Jaurlaritzaren arabera probreziak ehuneko 46 igo da Euskal Autonomia Erkidegoan azkeneko urteetan eta 200.000 pertsona pobrezia arriskuan daude; pentsionisten erosteko ahalmenak %6 egin du behera, sinatzen diren kontratuen %92 behin-behinekoak dira edo, Sestao bezala, %18ko langabezi-tasa daukaten guneak ditugu. Agerikoa da badaudela arrazoiak Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak deitutako greba orokorrean parte hartzeko”.
EH Bilduren ustez, unea heldu da prekarietatean oinarritutako sistema bati erantzuteko eta, bizi-baldintzak erdigunean jarriz, haien herritarrak zaintzen eta babesten dituen herri baten alde egiteko.
Amasa-Villabonako EH Bildutik greba deialdiarekin bat egitez gain, urtarrilaren 30ean antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu nahi dugu. Garratzitsua izango da kaleak lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko aldarriz betetzea eta boteredunei kalean tinko eta indartsu gaudela erakustea.
Hauek dira Amasa-Villabona ditugun mobilizazio deialdiak:
Bestalde, EH Bilduko udal-taldeak grebaren aldeko ebazpen edo mozio bat aurkeztu du udalean, eta Tokiko Gobernu Batzordean onartua izan zen, EH Bilduren aldeko hiru botorekin, EAJ-PNVko ordezkariaren abstentzioarekin eta PSEko zinegotziaren kontrako bozka bakarrarekin. Mozio honetan, Amasa-Villabonako EH Bilduk bere egiten ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak eta Pentsionisten mugimenduak adostutako Aldarrikapen Taula.
Hau da hitzez-hitz udalean onartua izan den mozioaren edukia:
LAN, PENTSIO ETA BIZITZA DUINA
URTARRILAK 30, GREBA OROKORRA
Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko greba babesteko ebazpen proposamena.
ZIOA:
Duela sei urte, sindikatu eta eragile sozial ugarik herritarren eskubide sozialak biltzen dituen Karta osatu zuten, prozesu parte hartzaile baten bidez. Geroztik, eskubide horien aldeko ekintzak antolatu ditu.
Bestetik, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen; bide horretan, pentsioen eremuaz gaindi, modu zabalagoan “planto” egiteko beharra plazaratu dute, euren aldarrietatik harago joateko asmoz.
Orain, aipatu planteamenduaren haritik, mugimendu bien arteko konfluentzia gertatu da, pentsiodunen eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren artekoa, alegia, lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokari aurre egiteko.
Konbentzimendu hirukoitz batek batu ditu: batetik, pentsioena denon afera dela, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa dela; azkenik, eskubide sozialak bermatu behar direla. Finean, bestelako eredu sozial eta produktiboa eraiki behar dugu, bizitza erdigunean jartzeko, zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emateko.
Ezarriak dituen ardatz nagusiekin bat egiten dugu, alegia: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa, eskubideen unibertsaltasuna, euskararen normalizazioa, lurraldeen arteko oreka zein jendartearen beharren araberako antolakuntza (lehen sektorea, azpiegiturak, merkantzien eta garraio sektorea...).
Horregatik, Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimendurekin batera adostu duen Adarrikapen Taularekin bat eginda, ondorengo ebazpen proposamena aurkezten dugu.
EBAZPEN PROPOSAMENA
Horiek horrela, Amasa-Villabonako Udalak:
1. Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko grebari atxikimendua adierazi nahi dio.
2. Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko greba egin ahal izateko erraztasunak eskainiko dizkie erakundeko langileei.
3. Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimendurekin batera adostu duen Adarrikapen Taularekin bat egiten du, eta horregatik:
1. Madrilen osatuko den Gobernuari eskatzen dio:
▪ 2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsioen murrizketak indargabetzea.
▪ Zapateroren (PSOE) eta Raxoiren (PP) lan erreformak bertan behera uztea.
▪ Presazko izaeraz, Gizarte Segurantzaren eta Enplegurako Politika Pasiboen gaineko eskumenak transferitzea.
2. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die:
▪ 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko neurriak presazko izaeraz ezar ditzatela.
▪ Hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko neurriak abiarazi ditzatela.
▪ Estatu mailako hitzarmenen gainetik, hitzarmen kolektiboen ultraktibitate mugagabea eta herrialdeko hitzarmenen aplikazioa lehenesteko sustapen lana egin dezatela.
▪ Lanera bizirik itzultzeko eskubidea bermatzea.
▪ Lan Ikuskaritzako plantillak handitzea, Europako Batasunekoekin parekatu arte, eta lan istripuen eta laneko gaixotasunen aurkako ekintza planak abiatzea.
▪ Lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren aldeko neurriak abiaraztea.
3. Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuari eskatzen die:
▪ Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala eta pentsio arrakala amaitzeko neurri zehatzak aktibatu ditzatela.
▪ Enplegu egonkorra sustatzea eta kontratazioetako iruzurra zigortzea.
▪ Soldata gutxitu gabe lanaldia 35 ordura jaisteko neurriak abiaraztzea.
▪ Bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea.
▪ Zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera botatzearekin batera.
▪ Kontratazioan, sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea.
▪ Klausula sozialak ezartzea administrazioko kontratazio guztietan.
4. Amasa-Villabonako Udalean adostutako ebazpen hau Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Euskal Herriko Karta Sozialari helaraziko zaie.
AMASA-VILLABONAKO EH BILDU UDAL TALDEA
EH Bilduk Justizia ministroaren agerraldia eskatu du ERC eta Junts per Catalunyarekin batera, diktadorea hobitik atera osteko ekitaldi frankisten inguruan azalpenak eman ditzan Kongresuan
"Onartezinak eta mingarriak" iruditu zaizkio EH Bilduri Francisco Franco diktadore espainiarraren gorpuzkiak Erorien Haranetik Mingorrubioko hilerrira eraman dituztela aprobetxatuz haren senideek eta jarraitzaileek antolatu dituzten omenaldi frankistak: familiak "Viva España, viva Franco" oihuekin agurtu du gorpua Erorien Haranetik atera dutenean eta frankismoari gorazarre eginez harrera egin diote Mingorrubion, polizien onarpenarekin. Koalizio subiranistak gogorarazi du Memoria Historikoaren Legeak espresuki debekatzen dituela frankismoa goratzeko ekitaldiak eta salagarria deritzo Espainiako Justizia ministro Dolores Delgadok gertakariok lehen pertsonan bizi izana.
EH Bilduren arabera, ezker subiranistak urteotan eginiko diagnostikoa baieztatzen dute gaur antolatutako ekitaldiek. Franco hil eta ia 45 urtera, frankismoa presente baitago Espainiako Estatuaren egitura judizial, ekonomiko eta politikoetan. Koalizio subiranistaren ustez, Francoren deshobiratzea motz geratzen da, ez da nahikoa pauso gehiago ematen ez badira, eta ezinbestekotzat jo du Estatuko erakundeak desfrankizatzea, Erorien Haranean lurperatutako euskal herritarrak aberriratzeaz gain, berriki Gasteizko Legebiltzarrean eskatu bezala.
Hori dela eta, EH Bilduren hitzetan, premiazkoa da Espainiako Gobernuak Kongresuan azalpenak ematea gaur gertatutakoaren inguruan; berehala esku hartzeko eskatu dio ezker subiranisten koalizioak. Zentzu horretan, ERC eta Junts per Catalunyarekin batera, EH Bilduk Espainiako Justizia ministroaren agerraldia galdegin du Kongresuko Diputazio Iraunkorrean azal dezan zergatik baimendu dituzten Erorien Haranean eta Mingorrubion antolatuko ekitaldi frankistak. "Zer-nolako neurriak hartuko ditu?", galdetu du EH Bilduk. Izan ere, frankismoko biktimak erreparatu ordez, Franco diktadorearen alde eginiko omenaldi frankistek biktimen mina eta samina areagotu besterik ez dute egin, egia, justizia eta erreparazioa eskatzen jarraitzen duten bitartean.
Espainiar faxistak Frankoren gorpua lekuz aldatzea baliatu zuten kalera irteteko eta komunikabideetan lekua izateko